40 urte joan dira gure koadroa ozeanoaren beste aldetik ekarri zutenetik. Gure koadroa diot, gure herriaren mina erraietatik islatzen duelako, eta Picassok gure mina bere egin zuen bezalaxe, gernikarrok ere sarraskiaren eta bidegabekeriaren isla den koadroa gure egiten dugulako. Picassoren nahia zen Gerra Zibila eta diktadura atzean utzitakoan, koadroa Espainiara lekualdatzea, ordurako babestuta egongo zelakoan. Babestuta badago, baina bahituta ere bai. Koadroak atzean duen historiak, munduan barrena gizadiaren maltzurkeria bidegabea salatzeko erabili izan denak, guztion kontzientzian burrunba izugarria egin beharko luke berez. Hala ere, hantxe dago, Reina Sofia Museoko gela handi eta hotz batean, isil-isilik, urrutitik datozkion bisitariei mezua ondo helarazi ezinik. Bertatik igarotako begien artetik, zenbatek ikusi eta ulertuko ote zuten koadroak atzean duena? Zenbatek ulertuko ote zuten Picassok koadroa margotzerako orduan salatu nahi zuena?
Eta nor edo zein izango ote da hobea hori kontatzeko, Gernikako herria bera baino? Memoriaren lekua bera baino toki hoberik ez dago, koadroa hartzeko eta gerturatzen direnek koadroaren esanahia lehen eskutik entzun eta ulertzeko. Gerturatzen direnek, eta bertoko belaunaldi berriek ere bai, memoriaren haria gal ez dadin. Koadroarentzat, bestalde, falta zaion ahotsa da Gernikako herria.
Memoriaren leku den herri honetatik, Guernica Gernikara garrasia ozen entzungo da koadroa Gernikara ekarri arte. Gure memoriaren katea tinko lotuko duen azken eslaboia dagokion tokira ekarri arte.