Santa Luzia ermita Arana auzoan dago, eta Lumoko San Pedro Apostoluaren parrokiakoa zen. XVI mendeko hasierako eraikin erlijiosoa da, eta bertan, estilo gotikoko elementuak eta baselizaren barruan nekropoli bat daude. 2022 eta 2023 urteetan Gernika-Lumoko Udalak baselizari atxikitako baserria eraberritzeko lanak egin ditu, bertako historiari balioa emateko kultura-ekipamendu berri bat izan dadin, hor baitago benetako nortasun komunitarioa: herrien eta bertako jendearen historian.
Lehenengo proposamen kulturala herritarrek utzitako argazki zaharren erakusketa da. Argazki horietan, Lurgorriko bizimodua nolakoa zen ikusi eta hauteman dezakegu, bertako baserri, festa, ohitura eta biztanleen bitartez; hau da, auzo bateko eguneroko bizimodua, bere kultura-ondarea mantentzen jakin duena, egungo belaunaldiek gozatu eta babestu ahal izateko eta, era berean, etorkizuneko belaunaldiei transmititu ahal izateko.
Gure eskerrik beroenak Arana auzoko bizilagunei eta Ingo Niebeli, emandako laguntzagatik eta aurkeztutako dokumentazioagatik.
Erakusketa abenduaren 29tik aurrera egongo da ikusgai.