TRISKANTZATIK ESPERANTZARA ERAKUSKETA
2025eko apirilaren 4an, 12:00etan, “Ricardo Abaunza” erakusgela berriaren inaugurazioa izango da, Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Etapa berri honen lehen erakusketan, TRISKANTZATIK ESPERANTZARA. GUZTION ONDAREA II, udal jabetzako obrak ikusi ahal izango ditugu, 1937ko Bonbardaketarekin zerikusia dutenak. Horrela, lagin honekin, Gernikako Bonbardaketaren 88. urteurreneko programazioari emango diogu hasiera. 30 artelan baino gehiago ikusi ahal izango ditugun erakusketa 2 gunetan banatzen da, barruko aretoa eta kanpoko terraza: Guztion Ondarea eta Artea Kalean
GUZTION ONDAREA II
Triskantzatik Esperantzara 1987an argitaratu zen liburu baten izenburua da. Liburu horretan hainbat idazle eta poeta euskaldunek hartu zuten parte, Gernikako bonbardaketari erreferentzia eginez. Erakusketa honetako lanetan hainbat estilo eta teknika artistiko daude adierazita eta, horregatik, oso didaktikoak eta iradokitzaileak dira artista horiek eskaintzen dizkiguten ikuspegi desberdinak. Kanpoko artisten artean aipatzekoak dira Nestor Basterretxea, Sofía Gandarias, William Kelly, Winfried Poschusta, Giusi Naletto, Felipe Alarcón, Rolf Erkens, Alex Carrascosa, María Oms Jané, Ricardo Ugarte, eta abar. Bertokoen artean honakoak ditugu: Luis Iriondo, José A. Urigüen, Rober Garay, Ionan Berasaluze eta abar. Horien guztien artean, ezin aipatu gabe utzi 1987tik 2018ra Kultur Etxeko zuzendari izan zen Ricardo Abaunzaren lanak. Hemendik aurrera erakusketa-areto horri izena emango dio Ricardo Abaunzak. Erakusketa honek, gainera, erakusgela berri hau berriro inauguratzeko balio du. Guztion Ondarea izeneko beste batzuk etorriko dira gero. Horien bitartez herriari zabalik egotea da helburu, ondare funts garrantzitsu hori zabaltzeko eta herritarrek eurenak dela sentitzeko.



ARTEA KALEAN
1997an, Gernika-Lumoko bonbardaketaren 60. urteurrena zela eta, aire zabaleko ARTEA KALEAN izenburuko jarduera antolatu zen. Zuzeneko obra bat sortzeko eta gauzatzeko adierazpen artistikoa izan zen ekimen hau, artista eta herritarren arteko kontaktua ahalbidetuz. Artistei egindako gonbidapenean adierazi zen bezala, “jorratu beharrezko gaiak BOnbardaketarekin, faxismoarekin, Euskal Kulturaren errepresioarekin, Gernika-Bakearen Hiriarekin, herrien arteko adiskidetzearekin eta abarrekin lotu behar dira. Gure asmoa da pertsona, herrialde eta kulturaren aurkako basakeria horri erantzutea, kasu honetan, herri honen bizitasun plastikoa berresteko erantzun kultural eta artistikoarekin”. Erakusketan Busturialdeko (Lerroak, Urdaibaiko Artisten Elkartea) artistek eta Leioako Arte Ederren Fakultateko ordezkariek hartu zuten parte. Erakusketa honen bidez, obrak kalera bueltatu dira, gernikarrekin harremanetan jartzeko. Iragana gogoraraztea dute helburu, adiskidetzea eta bake positiboaren kultura bezalako balioak sustatzeko asmoz. Kontzeptu hau komunitateari egindako ekarpen onekin lotuz, bereziki lankidetza eta integrazioa, adiskidetzea eta berdintasuna. Guzti hauek bake negatibotik bereizi behar dira. Bake negatiboa indarkeriarik ezarekin lotzen da, dela pertsonala, egiturazkoa edo kolektiboa. Ikuspegi horrek gatazkak sormenez kudeatzeko gaitasuna indartzen du, askotan sorkuntza artistikoaren bidez. Erakusketa 12 lanek osatzen dute, eta orain 28 urte sortu baziren ere, gaur egungo errealitateei buruz hitz egiten jarraitzen dute.


