Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek eta Ajangiz, Arratzu, Busturia, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Nabarniz eta Sukarrieta biltzen dituen Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, “Busturialdeko VII. Enpresa Ideia Lehiaketa” abian jarri dute, zazpigarren urtez jarraian. Lehiaketak enplegua sortu eta Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatzea du helburu. Aurreko sei edizioak kontuan hartuta, guztira ia 100 enpresa ideia eta enpresa aurkeztu dira.
Eskualdeko gazteak lan mundura sartzea ahalbidetzen duen Lana bilatzea, Lana da programa Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Busturialdea proiektuan kokatuta dago eta lehiaketaren edizio berri honek beren ideia berritzaileak abiatzeko eta enpresa ikuspegia saritzeko aukera eskaintzen die Busturialdeko gazteei.
Busturialdeko VII. Enpresa Ideia lehiaketaren helburuak, besteak beste, eskualdean ekintzailetza kultura hedatu, Busturialdean lana eta aberastasuna sortu, eskualdeko ekonomia sustatu eta enpresa proiektu onenak saritzea dira.
Aurreko urteetan bezala, lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal dute, beti ere, aurkeztutako enpresa ideia Busturialdean kokatzen bada. Halaber, posiblea da enpresa ideia edo 2020an sortutako enpresa bat aurkeztea.
Epaimahaiak jarraian adierazitako irizpide, meritu eta elementuak baloratuko ditu aurkeztutako proiektuetan:
- Izaera berritzailea: balio erantsia edukitzea edota originala izatea.
- Enplegua sortzeko aukera eta horien kalitatea.
- Lantalde sustatzailearen gaitasuna (profil egokiak) proiektua arrakastaz garatu eta martxan jartzeko.
- Proiektua Busturialdean gauzatzeko aukera edo eskualdera egokitzekoa.
- Proiektuaren garapen- eta deskribapen-maila.
- Proiektuaren jasangarritasuna (ingurumenari zein ekonomiari dagokienez).
- Gizarte-eragina.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek heldu den azaroaren 20ko 14:00ak arteko epea dute beren proposamenak aurkezteko. Sari-banaketa abenduan izango da.
Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 2.000 eurokoa eta lehen sektoreari lotutako ideiarik onenak, aldiz, 1.000 euro jasoko ditu, aurreko sarietako baten bat jaso ez badu. Gainera, lehen eta bigarren sarituei Arratzuko Elkartegiko langune bat doan itziko zaie urte batez. Halaber, Torrealday Aholkularitzak irabazleari urtebeterako aholkularitza zerbitzua (zerga, lan eta kontabilitate-aholkularitza) emango dio doan eta bigarrenari, aldiz, sei hilabeterakoa.
Aurten, gainera, hiru sari horietatik aparte, COVID-19aren eragina arintzera bideratutako enpresa-ideiarik onena ere sarituko da. Horrek 1.000 euroko saria eramango du, beti ere aurreko sarietako baten bat jaso ez badu. Epaimahaiaren aburuz ideiek ez badute gutxieneko maila, sariak eman gabe geratu daitezke.
Izen-emate orriak Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazte Informazio Zerbitzuetan edo Urremendi Landa Garapen Elkarteko bulegoan jaso eta entregatu beharko dira. Gainera, web-orri honen bitartez ere deskargatu ahal dira, albiste honen bukaeran. Izen-emate orri horiek eta beharrezko dokumentazio guztia paperean aurkeztu beharko dira, arestian aipatu zerbitzuetan, 2020ko azaroaren 20ko 14:00ak baino lehenago.
2019ko ideia irabazleak
Joan zen urtean, ‘Növérek Events‘ izeneko enpresa-ideiak eraman zuen 3.000 euroko lehenengo saria. Busturialdean era guztietako ekitaldiak antolatu, kudeatu eta koordinatzea helburu duen enpresa aurkeztu zuten Yaiza Cid Foruria (Gernika-Lumo, 1986) eta Ania Cid Foruria (Gernika-Lumo, 1990) ahizpa gernikarrak.
Lehen sektorearekin lotutako ideia onenaren saria, aldiz, Eider Urrutiak (Bermeo, 1991) lortu zuen ‘Mikobaso’ ideiarekin.