Woody Allenen La rosa púrpura de El Cairo filmean, pertsonaia batek pantaila utzi eta errealitatera egiten du jauzi. Antzeko zerbait lortzen du Pedro Duranak bere liburuarekin: «Gernika siglo XX: luces y focos de mi memoria». Izan ere, bere bizitzan zehar lagun izan dituen filmak, irudiak eta oroitzapenak bere memoriatik atera eta Gernikako memoria kolektiboaren parte bihurtzen ditu.
Pedro Duranak, Gernika-Lumoko Udalak eta Kultur Etxeak argitaratutako lan honen aurkezpena egingo du. Liburuan Pedro Duranak herriko zinema-historiako pasadizoak eta bizipenak bildu ditu. Berak azaltzen duen bezala, bere asmoa ez da ikuspegi soziologiko edo politikotik aztertzea zinemak Gernikan izan duen eragina, baizik eta berak dioen bezala «descubrir, con humildad, anécdotas y datos que para los más jóvenes son desconocidos»
Oroitzapen horien artean, bereziki hunkigarria da umea zela Bernarda amonarekin eta haren lagunekin Liceo edo Tilos zinemetara joaten zenekoa «rezaba por el camino para que la película fuera tolerada a menores».
Agian horixe da liburu honen magietako bat: garai hartako zinema-arratsaldeak berriro proiektatzea, oraingoan ez pantaila batean, hainbat belaunaldiren oroimenean baizik.

Liburuaren aurkezpenaren ondoren, Woody Allenen La rosa púrpura de El Cairo filma proiektatuko da. Fikzioaren eta errealitatearen arteko mugarekin jolasten duen filma da, eta aukera ezin egokiagoa Gernikan zinema eta oroitzapenak berriro elkartzeko.