Gernika-Lumoko Batasunaren 144. Urteurrena

1882ko urtarrilaren 8an, Madrilgo Gorteek Gernikako Hiribildua eta Lumoko Elizatea udalerri bakar batean batzea berretsi zuten; Gernika y Luno izenarekin, gaur egungo Gernika-Lumo. Urteurren hori ospatzeko, Gernikazarra Historia Taldeak, Udalarekin elkarlanean, urtero, urtarrilaren 8aren hurrengo igandean, udal erakunde berriaren mugetan zehar martxa bat egiten du; eta aurten urtarrilaren 11n izango da.
Irteera udaletxeko plazan izango da (Foruen plaza) goizeko 9etan, Ocho de Enero kaletik, batasun plazatik (egungo Pasealekua) Lumoko udaletxeraino igarotzeko, zehazki, Santa Klara komentu ohiaren alboko Batzar Etxearen atzeko aldera. Hemen antolatzaileek geldialdi bat egingo dute ospatzen den batasunaren azalpen laburra emateko. Ibilbidean zehar geldialdi gehiago ere egingo dira azalpen historikoekin.
Ondoren, jarraigoa Foruko San Kristobal ermitatik joango da, Elorrietalandaraino. Han, Lumoko, Foruko eta Errigoitiko mugak adierazten dituen mugarri bat dago. Beherantz doan Billarkaiobidetik, Muxikarekin mugan, Santa Luzia ermitaraino, Lumoko San Pedrora igotzeko. Bertan hamaiketako batekin amaitzen da ibilbidea.
Ibilbidearen datuak

  • 08:45, Topaketa udaletxeko plazan.
  • 09:00, Irteera, udaletxeko kanpaiak jotzen dutenean.
  • Ibilbidea: udaletxeko plaza – Ocho de Enero – Lumoko udaletxe zaharra – Errege bidea – Landaberde – Elorrietalanda – Errigoiti – Billarkaiobidea – Arana – Lurgorri – Zallobieta – Lumoko San Pedro
  • Amaiera: 12:30 aldera.
  • Oinetako egokiak (botak) eramatea gomendatzen da, bidea lokaztuta egongo baita.
  • Distantzia: 5 kilometro inguru.