Gernika Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea zabalik dago, otsailaren 6ra bitartean. Bakea eraikitzeko eta berradiskidetzea bultzatzeko lanean diharduten pertsona fisiko eta juridiko, erakunde edo bestelako pertsona edo taldeen aitorpen publikoa egitea dute asmo sariek.
Bakearen eta berradiskidetzearen aldeko Gernika Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea zabalik dago. 2005az geroztik, urtero banatzen dituzte sari horiek Gernika bonbardatu zuteneko urteurren egunean, eta 2026eko sarietarako hautagaitzak aurkezteko epea otsailaren 6an (barikua) amaituko da.
Bakea eraikitzeko eta berradiskidetzea bultzatzeko lanean diharduten pertsona anonimoen lana saritzea dute asmo sariok, baita gatazkak konpontzen ahalegintzeagatik eta etorkizunari begirako berradiskidetze prozeduretako oinarriak ezartzeagatik nabarmendu diren liderrak, pertsona ezagunak edo erakunde garrantzitsuak saritzea ere.
Hautagaitzak Gernika-Lumoko giza talde, kultur, kirol edota gizarte eragileen bitartez aurkeztu daitezke, baita udalbatzan ordezkaritza duten talde politiko batek bermatuta ere. Pforzheimgo Udalak ere proposamenak egin ahalko ditu. Baina talde edo elkarte bakoitzak hautagai bakarra aurkeztu ahal izango du, eta, horretarako, proposatu nahi den hautagaitzari buruzko merezimendu txostena egin eta aurkeztu beharko dute interesatuek.
Hautagaiak Udaletxeko erregistro orokorrean aurkeztu behar dira modu elektronikoan.
