Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, “11 orduko irakurraldia” antolatzen dugu Berbalaguneko kideok eta, jada, 13 edizio daramatzagu.
Bertan, Gernika-Lumoko makina bat erakunde, zentro eta taldek parte hartzen dute. Bakoitzak bere alea jartzen du goizeko 9:00etatik iluntzeko 20:00ak arte etenik gabe irakurtzeko.
Ekimenaren ibilbidean zehar hainbat euskal idazleren liburuak irakurri ditugu; esate baterako, iaz, Irati Jimenezen “Nora ez dakizun hori”. Aurten “Narrazio guztiak” liburua irakurriko dugu, Joseba Sarrionaindiarena. Iurrretako idazleak 1983an kaleraturiko kontakizun-bilduma, sentsibilitate berri bat ekarri zuen erabilitako hizkuntzan, kontaeran nahiz gaietan.
Egileak berak parte hartzeko asmoa dauka azaroaren 29rako antolatu dugun ekitaldian.