Ez Zentsurarik Liburutegietan adierazpenarekin bat egiten dugu Gernika-Lumoko Udal Liburutegitik.

Testuinguru politiko berriak liburutegien eta haien bildumen aurkako zentsura-ekintzak ekarri ditu herri eta autonomia-erkidego askotara. Valentziako Erkidegoko Borrianako Udalaren kasua izan da berriena: liburutegi publikoan zeuden eta katalanez idatzitako 5 aldizkari zentzuratu ditu PP eta VOXeko udaletxeak.


Egoera horren aurrean, Valentziako Liburuzainen Elkarteak eta Estatuko Artxibistika, Bibliotekonomia, Dokumentazio eta Museistika Federazioak zentsuraren aurkako manifestu bat kaleratu dute eta atxikimendu kanpaina bat abiatu da.

Gernika-Lumoko Udal Liburutegitik zentsuraren aurkako adierazpen honekin bat egiten dugu.

Liburutegietan ez dugu inolako eskuartzerik onartzen.

UNESCOko 2022ko IFLAren Liburutegi Publikoaren Manifestuak aldarrikatzen du funtsek eta zerbitzuek ez dutela inolako zentsura ideologiko, politiko edo erlijiosorik izan behar, ezta presio komertzialik ere, eta liburutegi publikoaren eginkizuna dela zentsurarik gabeko informazio eta ideia anitz eta libreak eskuratzeko aukerak bermatzea.

Liburuzainon eginkizuna da, beraz, zentsurari aurre egitea eta herritarrek duten informaziorako eta kulturarako sarbidea bermatzea. Liburutegiak askatasun-guneak dira.