COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriak

AGINDUA, 2020ko uztailaren 28koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita agindu honen eranskina: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruz-koa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero.

Liburutegiak

  • Liburutegiek, titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan, honako jarduera hauetarako emango dituzte zerbitzuak: obrak mailegatzeko eta itzultzeko, aretoan irakurtzeko, kontsultatzeko eta erabiltzaileek obrak zuzenean eskuratzeko aukera ematen duen mailegua egiteko, ikasteko aretoak irekitzeko, bibliografia- eta liburutegi-informazioa emateko eta liburutegien arteko maileguak egiteko, bai eta liburutegi-zerbitzuari dagozkion gainerako ohiko jarduerak egiteko ere. Aretoen okupazioak ezin izango du baimendutako ahalmenaren % 60 gainditu. Liburutegietan kultura-jarduerak egiteko ere aplikatuko da okupazio-muga hori.
  • Erabiltzaileek itzultzen dituzten materialek, gutxienez, astebete bereizita egon beharko dute.
  • Liburutegietako erabilera publikorako baliabide teknologikoak erabili ahal izango dira, bai eta sarbide publikoko lineako katalogoak, liburutegiko fitxetako katalogoak edo argitalpen elektronikoak ere.
  • Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa den.

Museoak, erakusketa-aretoak, monumentuak eta bestelako kultura-ekipamenduak

  • Titulartasun publiko edo pribatuko museoek eta erakusketa-aretoek bisitak eta kultura-jarduerak egin ahal izango dituzte, betiere areto eta espazio publiko bakoitzean baimendutako edukieraren % 60 gainditu gabe.
  • Taldeen bisitak gehienez 25 pertsonakoak izango dira, monitorea edo gida barne, eta instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa den.
  • Gehieneko edukiera hori espazio berean hainbat pertsona biltzen diren ekitaldietan ere aplikatuko da, hala nola hitzaldietan, tailerretan, kontzertuetan eta, oro har, programa publikoetan.
  • Haurrentzako edo behar bereziak dituztenentzako hezkuntza-programak euskal hezkuntza-sisteman ikasturterako ezartzen diren baldintza berberetan egingo dira.
  • Museo-instalazioetan, ezinbestekoa denean, pantaila interaktiboak erabili ahal izango dira. Erakunde antolatzaileek babes- eta higiene-materialak jarri beharko dituzte erabiltzaileen eskura, erabiltzeko, edo, bestela, erabilera bakoitzaren ondoren garbi uztea bermatzeko.

Zinema-aretoak, antzokiak, karpa-zirkuak, auditorioak, biltzar-jauregiak eta jendaurreko ikuskizunetarako eta kultura- eta jolas-jardueretarako establezimenduak eta antzeko espazioak.

  • Areto edo espazio bakoitzean baimendutako edukieraren % 60ko gehienekoarekin egin ahal izango dira jarduerak (gehienez ere 600 pertsona onartuko dira). Apartatu honetan jasotakoa bilera profesionaletan, jabeen erkidegoen batzarretan eta antzeko ekitaldietan ere aplikatuko da.
  • Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa den. (Bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik, halakoetan ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira eta).